Alegiakoargazkiak.eus webgune honek, gure herriko, Alegiako, artxibategi grafiko bat izan nahi du. Ekimen herrikoi eta partehartzaileaz bertako irudiak batu eta erakutsi nahi ditugu.
Nondik sortzen da?
Herritar batzuk elkartu eta Alegiako Argazkizaleen Taldea sortu genuen 2000. urte inguruan.
Besteak beste, taldeak helburu gisa badu Alegiako ondare grafikoa bildu, antolatu eta
herritarrei itzultzea. Bilketa lanari ekin zitzaion batez ere orduan. Herritarrek bere kajoietan
miatu ondoren, digitalizatu eta bilduma polita osatu genuen fotografia zaharrekin. Ondoren
tantaka azaldu dira hainbat ekimen eta proiektuetan. Urteroko egutegia, festa berezietan edo
kabinako erakusketetan.
Zer asmorekin?
Helburua beraz, hiru zati horietan kokatzen dugu. Bildu, antolatu eta zabaldu. Eta hiruretan
eragiteko sortu dugu tresna hau. Web-orri dinamikoa.
Alegia gure herria da. Herri bizia eta hainbat eta hainbat bizipen izan dituena eta bizitzen ari
dena. Bizipen zailak, tristeak, alaiak nahiz ederrak izan dira. Horietako asko gordeta,
betikotuta, geratu dira irudietan. Baina ez dugu gordetako irudiak izatea nahi, gure
ondorengoei jakinarazi eta helarazi nahi dizkiegu, gure herriaren historiaren berri izan eta
bertako parte sentitzeko.
Tresna honen bidez herriaren mugimendua, egunerokoa, istorioak eta historia izango dena
kontatu nahi dugu. Bizitza islatzen dituzten irudi horiek guztiak elkarrekin partekatu, erakutsi
eta komentatu nahi ditugu. Lehengoak, ez hain lehengoak eta oraingoak.
Nola egiteko?
Hau tresna bat da, denon eskura egon daitekeena, beraz bizirik jarrai dezan auzolan moduko
bat sortu behar dugu honen inguruan.
Poliki-poliki, orain arte gordetzen joan garen argazkiak dokumentatu eta herritar guztion
eskura jartzen joango gara, herritarrek argazkiak ikusgai eta erabilgarri izan ditzaten. Herritar
guztion oroimen bilduma izango da. Baina honek ez du etenik. Jasotzen ere joan behar dugu
hurrengoan erakusteko. Norbanako zein herriko talde eragileen egitekoa izango da hori.
Webgunearen, taldearen, ateak zabalik daude. Argazkien bilketan esku bat botatzeko,
daudenak dokumentatzeko eta osatzeko eta ondoren gure ekimenetan berrerabiltzeko.
Horretarako bideak jarriko ditu alegiakoargazkiak.eus leiho honek.
Eskerrak orain arte zuen aletxoa jarri duzuenoi eta hemendik aurrera jarriko duzuenoi ere bai.